top of page

Txindoki AT, bere enbaxadorerik onenaz harro: Eneko Agirrezabal

Egilea: Pululu Itzulpena: Auritz Mendizabal



Joan den igandean, goizeko 11:00ak baino beranduxeago Txindoki Jaso Autowag AT taldeak bere atleta onenaren eskutik (baita oinenatik eta, jakina, oso buru ondo hornitu hortatik ere), klubeko lehendakari eta enbaxadore onenaren eskutik, Eneko Agirrezabal segurrararen eskutik, klubak bere 45 urteetan izan duen garaipenik mediatikoena eskuratu zuen Behobia Donostia 1:01:41 denborarekin irabaziz, bere markarik onena froga horretan.


Askoren ustez ezustekoa izan den garaipena, baina gutariko askorentzat ume mokoa zenetik ezagutzen dugunontzat, ez hainbeste, ezta gutxiago ere. Eneko askotan izan da protagonista klubean egin duen ibilbide luzean. Bere garaipenen, marken eta tituluen berri eman du, baina modu batera edo bestera hemen geratu dira, etxean, inguruan, eta ez dute oihartzun handiagoa izan, nahiz eta merezi izan duen.


Egun hauetan asko idatzi da Donostiako Bulebarrean lortu zuen garaipen handiagatik eta egin zuen modu polit eta zirraragarriarengatik. Orain ez da inoiz egongo anonimatuan, eta izaera xume eta apala transmititzen du doan lekura joan gutxik bezala eta bere helburu nagusia prestatzen jarraituko du: Valentziako maratoia abenduaren 5ean.


Gipuzkoarrentzat Behobia ez da ohiko lasterketa bat soilik, beste maila bat hartzen duen lasterketa da, fenomeno soziala da eta, gutxienez bere bizitzan behin egin duenak, badaki zertaz ari naizen. Gipuzkoan tabernako edo harategiko edozein elkarrizketatan orain edo etorkizunean balio duena lasterketa horretan egindakoa da, galdera hau entzungo baita: Behobian ze denbora duzu? Eta erantzunak balio du, berdin dio denbora batean edo bestean beste edozein distantzia egin duzun, leku batean edo bestean, horrek ez du balio, hemen Behobian egindakoak balio du. Bada, Eneko Agirrezabal Telleria jauna ez orain ez eta etorkizunean inoiz ez da eztabaidatuko tabernan edo harategian... ezta pentsatu ere!


Ordizian Eneko batez ere Ordiziako San Silbestrean dituen garaipen handiengatik ezagutzen dugu, maitasun berezia dion lasterketa hau 6 aldiz irabazi baitu iada. Euskadiko Kroseko txapelduna ere bada, 2019an Gernikan lortutako titulua. Eta bere bukaerako abiadura erakutsi zuen pasa den igandean; ez du 1:54ko marka alferrik 800 metrotan eta 3:51 1.500ean. Chakib Lachgar marokoar irundartuak eta gure meeting-ean ohiko parte-hartzaile izan denak 2019an egin bezala, amaiera bikainarekin eraman zuen lasterketa etxera gure Enekok.


Enekok amaiera handi horretan, Kursaal parean erasoari ekin zionean, bere atletismoko bi babesle eta erreferente nagusi emulatu zituen; alde batetik, Iker anaia, bere hitzordu eta entrenamendu handietako ezkutari leiala, eta oraindik ere, 1999az geroztik, Euskadiko errekorra duena: 35.58 300 metro sub 16 zela (astakeria bat); eta, bestalde, betiko entrenatzailea, Jon Etxeberria, beti itzalean, eta abiadura-lasterkari onena izan dena klub urdinaren historian (100, 200 eta 400 metro). Zalantzarik gabe, bi ispilu on.



Esan beharrik ere ez dago zer den klubarentzat eta haren babesleentzat atleta batek besoak altxatzea Behobiaren irabazle gisa umetatik defendatzen duen kamisetarekin eta, gainera, Diego García atleta azkoitiar zenduak irabazi zuenetik 27 urte igaro ondoren, Gipuzkoako lehen korrikalaria izatea lasterketa irabazten.


Pasadizo gisa esan behar da Eneko, Josetxo Imaz memoriala ere irabazi baitzuen 2018an, Behobia irabazi zuen bigarren Goierritarra dela, klub urdineko entrenatzaile zenduaren, Josetxo Imaz handiaren ondoren, harek Behobia Real Sociedaden kamixeta defendatuz irabazi zuen garai hartan erreleboka egiten zen lasterketa. Oihartzun mediatiko handiagoa izan zuen Enekoren aurreko garaipena ez zen korrika izan: Egunean Behin lehiaketa irabazi zuen Azpeitian 2019ko abenduan; tipo handia da Eneko hau gero!



Nabarmentzekoa da, halaber, Alexander Oiarbide ordiziarraren lasterketa handia, helmugan zazpigarrena baitzen. 2019ko 10. postua eta Gipuzkoako hirugarren postua hobetu zituen 1:04:27ko erlojupekoarekin eta oraindik Behobia asko geratzen zaizkio... Izaro Rubio Ordiziako lehen atleta izan zen eta lasterketan berriz 15. postuan sartu zen bere biziko 2. marka onena eginez 47 urterekin. Bere entrenamentu kide den Maite Arraiza, Lazkaon bizi den donostiarra, 7. sartu zen 1:16:53 marka pertsonalarekin. Txindoki ATko beste atletak hauek izan ziren: Álvaro Calderón 1:11:28, Imanol Oiarbide 1:14:20, Egoitz Iztueta 1:14:34, Iñigo Etxarri 1:35:14 eta Pululu 1:35:41.


Ordiziar ezagunen artean, honako hauek nabarmendu ziren 71 sailkatuetatik: Iñigo Sevilla 1:13:11, Markel Hidalgo 1:13:36, Xabier Prieto 1:17:03, Juan Manuel Pecharroman 1:17:57, Iñigo Ormaetxea 1:18:57, Unai Arratibel 1:19:05, Josetxo Ugalde 1:19:41 eta Mitxel Cuadrado 1:19:56.


Bestalde, lan ona egin du Aratz Cendonek joan den asteburuko Leongo jaurtiketen federazio espainiarraren kontzentrazioan eta Danel Pérezek joan den igandean Ermuan izan zen euskal federazioaren altuera-jauzikoan.


Kluben arteko Espainiako Kros Txapelketa Sevillan


Sevillako Santiponce herrian izango da asteburu honetako atleta-hitzordurik garrantzitsuena. Bertan, Italikako Nazioarteko Kros entzutetsuaren beste edizio bat egiten den bitartean, Espainiako Kros txapelketa ere egingo da kluben artekoa eta ez da faltako Txindoki AT taldeko talde bat, 2006az geroztik etengabe izan den bezala. Oraingoan, gizonezkoen 16 urtez azpikoen taldea bakarrik egongo da. Lasarteko krosean ikuskizun bikaina eskeini eta gero sailkatu ziren eta Jon Naldaiz, Urko Etxebeste, Ethan Cabanillas, Haitz Urrestarazu, Eneko Oliveira y Auritz Mendiak osatutako taldea ahal duen posturik onena ekartzen saiatuko da.



Halaber, igandean, iaz bezala, Alexander Oiarbide ordiziarra arituko da Alcobendas-en 10 km-tan. Lasterketa hori RFEAren egutegiaren barruan egingo da eta distantzia horretan bere marka pertsonala hobetu eta 30 minutu inguruan ibili beharko du. Aire zabaleko pistan parte-hartze libreko probak egingo dira larunbatean Durangon eta igandean Eibarren eta Gasteizen.


Herri-lasterketetan, larunbatean, Asier Cuevas herri lasterketa Eibarren, Azkoitiko herri lasterketa, Elgoibarren Karakatetako igoera; igandean, Irungo Salto Systems osasunaren aldeko miliak hiru lasterketa desberdinekin, Ikaztegietako herri lasterketa, Vuelta al Plantio herri lasterketa San Adrianen (Nafarroa) eta Lemoatx trail bi distantzia ezberdinetan Lemoan (Bizkaia).

Sarrera nabarmenenak
Azken sarrerak
Artxibategia
bottom of page