top of page

Dorleta Armendarizek Euskadiko errekorra Texasen (AEB)


Texas estatuko Canyon herrian, Dorleta Armendariz ordiziarrak Euskadiko historian izan den emakumezko mailu jaurtitzailerik onena dela erakutsi du. Texas Tech unibertsitateko bere bigarren ikasturtean eta mailu jaurtitzaile modura bere bosgarren denboraldian, Euskadiko errekor absolutu berria ezarri du 4 kg-koarekin 56.20 metroko jaurtiketari esker. Aurreko errekorra Iratxe Olazabal bilbotarrari zegokion, 55.48-ko markarekin Alacanten 2009an egina. Esan behar da, gainera, Dorletak saioa irabazi zuela, AEB-etan dagoenetik lehenengo aldiz. Era honetan, Dorleta Ordiziako Atletismo taldeko lehen partaidea da Euskadi mailan indibidualki errekor absolutua lortzen duena. Alazne Furundarenak 4x100-ekoan dauka 2009az geroztik. Hori gutxi ez eta ezin ahaztu kategoria guztietan dituela errekorrak Euskadi mailan, oraindik 23 urtez azpikoa izanagatik (promesa kategoria).


Bestetik, Lakes Charlesen (Louisiana), Ane Torres pisu-jaurtiketan (4 kg) lehiatu zen, 11.26ko jaurtiketa onena eginez.


10000 metroko bakarkako Espainiako Txapelketan, Eneko Agirrezabal aritu zen Bragan (Portugal), Iberiar Txapelketarako ere baliagarri zen frogan. B seriean aritzea egokitu zitzaion segurarrari, eta egunik onena izan ez arren, 11. postuan helmugaratu zen. Lasterketan zehar, inongo momentuan eroso sentitu ez bazen ere, sufritzen jakin eta 30:18.96ko denbora erdietsi zuen. Bere inoizko bigarren markarik onena pistan, baina 2014an eginiko 29:51.64tik eta bere helburutik urrun xamar. Azkenean, Espainiako 13. postuan amaitu zuen sailkapen orokorrean.


Cambrilsen (Tarragona) Txindoki AT-ko 4 partaide aritu ziren infantil mailan Gipuzkoako Atletismo Federazioak antolaturiko kontzentrazioan. Bertan Kataluniako hainbat talderekin lehiatzeko parada izan zuten, ondorengo emaitzekin: 100 metrokoan, Oier Zubeldiak 13.03 (-4.0); 80 metrokoan eta 220 m hesi-lasterketan, Elene Bolinagak 11.83 eta 36.61 hurrenez-hurren; 80 metrokoan, 80 m hesi-lasterketan eta jabalina jaurtiketan, Maddi Urrestarazuk 11.92, 15.04 eta 24.72 hurrenez-hurren; eta 1000 metrokoan, Naroa Iturriozek 3:33.06.


Txekiar Errepublikako hiriburuan, Pragan, ospaturiko maratoi erdian parte hartu zuten Iztueta anaiek, Bolitas Anaiak-eko partaide den Joxi Garmendiarekin batera. Egoitz Iztuetak ez zituen nahi bezalako sentsazioak izan eta lasterketa erdi aldera atzetik zetorren anaia zaharrari itxaron zion. Biak batera helmugaratu ziren 229 eta 230. postuetan 1:22.17ko denborarekin. Bestalde, Joxi Garmendia 380. iritsi zen 1:25.55ekin. Denera 10199 atleta iritsi ziren helmuga marrara.


Kluben arteko Euskadiko Txapelketa


Asteburu honetan izango da denboraldiko txapelketarik ederrenetarikoa, Kluben arteko Euskadiko Txapelketa, alegia. 1. mailan neskak eta 2. mailan mutilak. Larunbatez, Donostian ariko dira neskak, iaz egindako 3. postua berdintzea xede dutelarik, nahiz eta aurkarien maila ikusita benetan zaila dela jakitun izan. Mutilek bestetik, 13 urtez jarraian 1. mailan aritu ostean, iaz maila galdu zuten modu bidegabean bulegoetan izandako gora-behera batzuk tarteko. Durangon ariko dira hauek larunbatez, berriro ere merezi duten lehen mailara bueltatzeko helburu garbiarekin.


Larunbat eta igande goizean parte hartze libreko frogak ospatuko dira Iruñean eta Basaurin, hurrenez-hurren. Elgoibarren aldiz, igande goizez, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketari dagokion lehen jardunaldia egingo da, bakarkako kategorian.


Asteburuko lasterketei dagokienez, beterano eta absolutu mailan Iurretan (Bizkaia) izango da zita nagusia igandez. Bertan Espainiako errepideko 10 km-ko txapelketa ospatuko da. Alvaro Calderon donostiarrak, bestalde, Zaragozako maratoian parte hartuko du egun berean. Larunbatez, Leharrei mendi lasterketa Gabirian eta Kilimon Trail Mendaron. Iganderako, Donostiako Maratoi Erdia eta 10 km-ko lasterketak, Etorbideetako Herri Lasterketa Gasteizen, Donejakue Bideko Herri Lasterketa Zizur Nagusian (Nafarroa), Berako mendi maratoia (Nafarroa), Arrasate-Udalatx mendi lasterketa eta Bilbo Mendi Trail.

Sarrera nabarmenenak
Azken sarrerak
Artxibategia
bottom of page