top of page

Euskadiko kros txapelketa bikaina Amurrion


Bikaina izan zen pasa den asteburuan Amurrion ospatu ziren Euskadiko kros txapelketetan Txindoki Grupo Jaso AT-ko atleta guztien jarrera.


Bai bakarkako zein taldekako balantzea paregabea izan zen. Beste behin, emaitzarik onena Txindoki AT-ko lehendakari den Eneko Agirrezabal segurarrak lortu zuen. Euskadiko kros luzeko txapeldunorde izatea lortu zuen eta hamargarren aldiz txapela lortu duen Ivan Fernandez nazioarteko atleta soilik izan zuen aurretik. Marrakech-eko erdi maratoi bikainaren ondoren eta lasterketan zehar dezente sufrituta, irabazlearengandik 4 segundora baino ez zen sartu helmugan. Proba berean, azpimarratzeko parte hartzea izan zuten Jose Antonio Blanco “Txuri”-k, 10. postuan helmugan, eta Gorka Satrustegik, 14. postuan helmugan. Lasterketako zaharrenetarikoak izan arren beren izaera lehiakorra erakutsi zuten, edozein delarik ere lasterketa mota. Taldea osatuz Aritz Mendizabal (56. postu inguruan, baina ez da ageri sailkapenean) eta Iker Iztueta (115. postuan) izan ziren, taldeka 5. postua eskuratuz. Lasterketa honetan 36. iritsi zen Alex Oiarbide Atlético de San Sebastián taldeko ordiziarra eta 46. El Prado Vitoria taldeko Adrian Pajares lazkaotarra, promesa mailan txapeldun izan zena.

Senior eta promesa emakumezkoen lasterketan gure inguruko onena Maria Ibañez izan zen 14. postuan, Txindoki AT-ko atleta ohia eta gaur egun Atlético de San Sebastián-eko koloreak defendatzen dituena. Berarengandik oso gertu izan zen bere ahizpa Uxue Ibañez 18. postuan eta promesa mailan Euskadiko txapeldunorde. 20. izan zen Irati Zubizarreta eta promesa mailan 3., 21. Ana Samaniego eta promesa mailan 4., eta 28. Olatz Unanue eta promesa mailan 6. Taldeka absolutu mailan bosgarren izan ziren eta txapeldun promesa mailan, modu honetan Gijoneko kluben arteko txapelketarako txartela eskuratuz.

Junior nesken mailan Lide Urrestarazuk 5. postu bikaina lortu zuen. 20. iritsi zen Maitane Perez eta 25. Olatz Esnaola. Taldeka laugarrenak izan ziren eta Gijoneko kluben artekorako txartela lortu zuten hauek ere.


Jubenil mutiletan 11. postu aparta lortu zuen Mikel Samaniegok. Jon Zeberio 22.a izan zen.

Azkenik aipatu jubenil neskak ezin hobeto aritu zirela, taldekako Euskadiko txapeldun izan baitziren eta Gijonerako txartela lortu baitzuten hauek ere. Naia Lopez 11. izan zen, Maddi Galparsoro 16., Intza Urrestarazu 20., Uxue Arrese 31. eta Lorea Rajado 43.


Laburbilduz, Txindoki Grupo Jaso AT beste urte batez Espainiako kluben arteko kros txapelketara talde gehien eramango dituen Gipuzkoako taldea izango da. Denera 4 izango dira: senior gizonak kros motzean, promesa neskak, junior neskak eta jubenil neskak.

Salamancan ospaturiko promesa mailako Espainiako pista estaliko txapelketan, aipatzekoa izan zen Adel Ben Miloud-en parte hartzea 800 m-ko proban, txapelketako mailarik altuenetako proba berau. Adel 4. izan zen bere seriean 1:56.36-eko denborarekin, pista estaliko bere marka onena hobetuaz. Ez zuen finalean sartzea erdietsi eta 15. izan zen sailkapen orokorrean. Pista estaliko denboraldi bikaina egin du eta honek konfiantza eman beharko lioke zerupeko denboraldiari begira.


Durangon egin ziren distantzia luzeko jaurtiketen Euskadiko txapelketan Dorleta Oiarbide txapeldunorde izan zen absolutu mailan eta txapeldun junior mailan mailu jaurtiketan (4 kg) 45.67-ko marka onena lortuaz.


Donostiako belodromoan buruturiko partaidetza libreko probetan marka bikaina Eneko Barandiaranek 60 m-tan lorturikoa, 7.35, 2002an egin zuen bere marka onenetik 5 ehunenekora soilik. Unax Auzmendik 8.77-ko marka egin zuen eta Real Sociaded-eko Octavian Romanescu-k 7.03. Nesken 60 m-ko proban, bere denboraldi honetako markarik onena Ainhoa Argandoñak lorturikoa 7.97-rekin eta Itsaso Estalak 8.31. Atlético de San Sebastián-eko Alazne Furundarenak 7.58-an egin zituen 60 m-ak gripe bat pasa ostean eta Nerea Galparsorok (Grupompleo Pamplona Atlético) 8.04. Lesionatua bukatu zuen azken honek. 300 m-tan debuta eta marka bikaina lortu zuen Markel Acostak, 39.50 eta nesketan distantzia berean Iraia Mendiak 48.21. Luzera jauzian denboraldiko marka onena Nora Tobar-ek 5.30-ekin eta Unax Auzmendik debuta 4.43-rekin. Nesken pisu jaurtiketan (3 kg) Iraia mendiak 9.20 eta Lurdes Intxausti beteranak 8.50 (marka pertsonala). 4 kg-ko bolarekin Leire Garmendiak bere marka hobetu zuen 11.46 jaurtiz. Jubenil mutilen pisu jaurtiketan (5 kg) Aritz Apaolazak 14.67 eta promesa mailan (7.260 kg) Joseba Berasainek 13.02.


Estatu Batuetan pista estaliko beste jardunaldi batean, Gari Garmendiak pisua (7.260 kg) 14.93-raino bota zuen Pittburg-en (Kansas), bere inoizko bigarren markarik onena. Dorleta Armendarizek mailu astuna bota zuen beste behin (9.08 kg), 15.37-ra oraingoan ere, Lubbock hirian (Texas). Azkenik Ane Torres-ek pisua (4 kg) 11.93-ra bota zuen Birmingham-en (Alabama).


Asteburua


Asteburu honetan absolutu mailako Espainiako pista estaliko txapelketa ospatuko da Valentzian. Bertan izango da 60 m-tan Atlético de San Sebastián-eko Alazne Furundarena, finalera iritsi, denboraldi honetako 7.55-eko markarik onena hobetu eta posible bada bere marka onena den 7.47-ra hurbiltzeko helburuarekin. Realeko Octavain Romanescu ere han izango da. Bere helburua semifinalera iristea izango da, atzerritarra izanik ezin baitu oraindik finalean parte hartu. Aurtengo denboraldiko 6.88-ko marka hobetu eta posible bada bere marka onena (6.86) gainditzea izango ditu helburu.


Donostiako belodromoan larunbat eta igandeko jardunaldietan, pista estaliko Gipuzkoako txapelketak izango dira kadete, jubenil eta junior mailetan. Halaber, partaidetza libreko probak ere izango dira.


Igandean Bilbon zerupeko partaidetza libreko probak izango dira Zorrotzako pistan.


Igande goizean Adarraga oroigarri krosa ospatuko dute Hernanin eskolarteko mailan.


Lasterketa herrikoiei dagokienean, larunbatean Zumaiako Herri Lasterketa izango da eta igandean On Bosko Krosa Urnietan, Kobaz Koba Trail Zestoan, Lezo-Jaizkibel mendi lasterketa eta Antzuolako 8 Miliak mendi lasterketa.

Sarrera nabarmenenak
Azken sarrerak
Artxibategia
bottom of page