top of page

Urte bukaera ona atletismoan


Atletismoko froga desberdinetan, 2017ko azken asteburua oparoa izan zen Txindoki Grupo Jaso AT-rentzat.


Ospaturiko frogen hurrenkeran, lehenak emakumezkoak izan ziren joan den ostiralean, egutegi estuak halaxe eskatuta. Euskadiko Kluben arteko Kopa jokatu zen Donostiako Belodromoan. Helburua, iaz erdietsitako bosgarren tokia hobetzea zen, parte hartzen zuten 8 talderen artean. Lesioak lesio eta pertika jauzian izandako arazoak arazo, meritu handiko laugarren postua eskuratu zen, bertan bildutako talde urdineko partaide guztien gozamenerako.


Parte hartzaile denek eman zuten maila ona. Besteak beste, Ainhoa Argandoña 5. izan zen 60 metroko lasterketan 8.05-eko markarekin. 60 m-ko serie extran Irenia Apaolazak 8.25 egin zuen. Leire Tobarrek 4. postua poltsikoratu zuen 200 metrokoan 26.59 eginda, marka pertsonala eta Sabadellen ospatzekoa den jubenil mailako Espainiako Txapelketarako bere bigarren gutxieneko marka, aurretik 60 metrokoan egina baitzeukan. Ahizpea Oiarbidek 400 metrokoan hartu zuen parte 1:05.21-ekin eta 7. postuan. 800 metrotan Ane Rostrok ezin izan zuen lasterketa amaitu aldaka inguruan min hartu baitzuen. Ospitalera bisita tarteko, hemendik azkar eta ongi osatu dadila opa diogu. 1500 metrotan Ana Samaniego 5. helmugaratu zen 5:12.76-ko markarekin, pista estalian sekula egin duen denborarik onena. Uxue Ibañez 3000 metroko frogan, bere debutean, 5. iritsi zen helmugara 11:23.39-ko denborarekin. 60 metro hesietan Ane Irribarriak 9.65-eko marka eta 4. postua. Altuera jauzian Nora Tobar ere 4. izan zen 1.50 metrorekin. Luzera jauzian Leire Mendizabal 7. sailkatu zen 4.70 metrorekin eta honek ere ospitalerako bidea hartu behar izan zuen salto baten ostean egindako ebaki bat zela eta puntu batzuk jasotzera. Leireri ere lehenbailehen osatu dadila opa diogu. Jauzi hirukoitzean Ibone Aiestaran 6. izan zen 10.03-rekin. Pisu jaurtiketan Leire Garmendia 2. 10.60-rekin. Azkenik, 4 x 200 metroko errelebokako frogan Ainhoa Argandoña, Leire Tobar, Nora Tobar eta Irenia Apaolazak osaturiko taldea 3. sailkatu zen 1:47.67-rekin. Gisa honetan, Atlético de San Sebastián, Irungo Super Amara BAT eta Durangoko Bidezabalen atzetik Txindok AT 4. geratu zen.


Aipatzekoa da bestalde, gizonezkoetan eta txapelketa berean Octavian Romanescu, orain Real Sociedadeko taldean ari bada ere Txindokiko atleta oiha, ere lehiatu zela. 60 metrokoan bera izan zen garaile 6.92-ko marka bikainarekin. Atlético de San Sebastián taldean ari den Alex Oiarbidek 4. amaitu zuen 3000 metroko lasterketan 9:04.30-ekin.


Larunbatean berriz, parte hartze libreko frogetan, Gasteizko Mendizorrotzako pista estalian, Eneko Barandiaranek eta Ainara Zubeldiak debuta egin zuten 60 metroko lasterketan 7.46 eta 8.14-rekin, hurrenez hurren. Froga berdinean Nerea Galparsorok Grupompleo Pamplona Atlético taldearekin 8.02 egin zuen.


Igandean eta 2017ko azken egunean, jada tradizio bilakatu diren San Silbestre lasterketa desberdinak ospatu ziren. Beasaingoa izan zen lehenengoa ospatzen, eguerdiko 12etan, eta bertan Izaro Rubio 9. helmugaratu zen emakumezkoen sailkapen orokorrean eta lehen beteranoa. Gainera , etxekoen artean 2. izan zen. Bere atzetik, 10. postuan, Irati Zubizarreta eta 22. Naia Lopez. Azken hau gazteen mailan lehenengoa izan zen. Eguerdiko 13etan berriz, Lazkaoko San Silbestreari eman zitzaion hasiera, Jon Zeberio gizonezkoetan 18. eta Iraia Mendia emakumezkoetan 10. izan zirelarik. Arratsaldeko 16retan eta baldintza klimatologikoak etsai zituztelarik, Donostiako San Silbestre jendetsua (3609 helmugan) ospatu zen. Bertan, Eneko Agirrezabal segurarra eta Txindoki AT-ko lehendakaria gailendu zen, sekulako erakustaldia emanez eta hiru asteko bolada borobilari amaiera ezin hobea emanez. 3 astetan 3 lasterketa korritu eta hirurak irabazi, Oiangu (Ordizia), Laudio (Euskadi Kross Motza) eta Donostiako San Silbestrea. Lasterketa berean parte hartu zuen Alvaro Calderon donostiarrak ere, 16. postuan amaituz. Arratsaldeko 17etan Zegamak hartu zuen lekukoa, inongo ezbairik gabe gure mugen kanpotik jende gehien erakartzen duen froga, Zegama Aizkorri lasterketarako dortsalak zozkatzen dituztelako hain zuzen ere. Auritz Mendizabal urdina lehiatu zen bertan.


Azken San Silbestrea Ordiziakoa izan zen, arratsalde-gauko 18etan. Aspaldiko partez euripean egin zen gainera, parte hartzaile kopurua azken urteekin alderatuta murriztuz. 509 zeuden izena emanda, baina horietatik 465 soilik iritsi ziren helmuga lerrora. Eneko Agirrezabal iazko garailearen hutsunea zela eta faboritoen abanikoa zabala zen. Eta halaxe izan zen, borroka gogor baten ondoren Gorka Satrustegi 4. iritsi zen helmugara, Angel Vazquez (Lazkaoko San Silbestreko garailea ordu batzuk lehenago) izan zen hirugarren, eta Jose Antonio Blanco “Txuri” (2004an jada txapeldun izandakoa) eta Alexander Oiarbideren arteko buruz burukoan gaztea nagusitu zen. Gisa honetara, Alexek bere izena idatzi ahal izan du lehen aldiz Ordiziako San Silbestreko palmaresean.


Emakumezkoetan Maria Ibañezek aise irabazi zuen lasterketa, lehen postuetan kokaturiko hainbat atleta gizonezkok lagundurik eta nesken errekor berria ezarriz. 21:55-eko markarekin bere bigarren txapela jantzi zuen, iazkoaren atzetik. Bigarren eta hirugarren izan ziren Izaro Rubio eta Maider Gaztañaga, hurrenez hurren, maila handiko podiuma osatuz. Ana Samaniego eta Uxue Ibañez 4. eta 5. izan ziren.


Asteburua


Errege eguna ospatuko den asteburu honetan, urtarrilaren 5ean (ostirala) Euskadiko Proba Konbinatuen txapelketa ospatuko da Donostiako Belodromoan. Kadete mailan Alai Urra eta Iraia Mendia izango dira, juniorretan berriz, Nora Tobar. Azkenik, urtarrilaren 7an (igandea) Zornotzako Nazioarteko Krosak (Bizkaia) hartuko du tokia.

Sarrera nabarmenenak
Azken sarrerak
Artxibategia
bottom of page