top of page

Gipuzkoako kros txapelketa Oiangun

Igande honetan federatuen mailako Gipuzkoako kross txapelketa egingo da Ordiziako Oiangu parkeko zelaietan. Bost lasterketa federatuenak izango dira eta beste 6 lasterketa ere izango dira eskolartekoentzat. Hauen kasuan ez da Gipuzkoako txapelketa izango. Egunari hasiera goizeko 10:00etan emango zaio, 3860 m-ko zirkuituan burutuko den kadete eta beterano mutilen lasterketarekin. 10:20etan neska kadete eta beteranen txanda izango da 2560 m-ko zirkuituan. 10:35etan 4200m egin beharko dituzte jubenil eta junior neskek. 11:00etan jubenil eta junior mutilek eta promesa eta senior emakumeek izango dute lasterketa, 5600 m-burutuz. 11:30etan infantilen mutilek 2220m egingo dituzte, 11:45etan infantil neskek 1260 m, 12:00etan alebin mutilek 1260 m eta 12:15etan alebin neskek 1260 m hauek ere. 12:30eta promesa eta senior mutilen ordua izango da, 8300 m-ko zirkuituan. 13:10 eta 13:15etan benjamin neskek eta mutilek korrika egingo dute hurrenez hurren, 300 m burutuz. Bostehun korrikalari inguru espero dira lasterketa guzti hauetan eta eguraldi iragarpenen arabera giro ona izango da, euririk gabe gutxienez. Goiz ederra pasatzeko aukera inguru bikainean. Hautagai nagusiei dagokienean, bertan izango dira Eneko Agirrezabal (Txindoki), Ander Sagarzazu (Goierri Garaia), Ignacio Tanco (Real Sociedad), Pedro Muñoz (Xeye) eta abar. Neska seniorretan Ainhoa Sanz (Goierri Garaia), Lurdes Oyarzabal (Goierri Garaia), Maria Ibañez eta Maider Unanue (Txindoki) eta Nerea Sarriegi (Super Amara) izango dira hautagaiak. Txindoki AT-ko zuzendaritzak igande goizean Oaingura gertutzareko deia egin du, atletismo goiz bikaina bizitzera. Taberna zerbitzua ere izango da Txindoki AT-ren eskutik.


Pista estaliaren hasiera


Larunbat hontan emango zaio hasiera pista estaliko denboraldiari Donostiako Antonio Elorza belodromoan. Txindoki AT-ko partaidetza bertan izango da.


Maratoi erdiko Euskadiko txapelketa


Igandean Gasteizko maratoi erdia ospatuko da, Euskadiko maratoi erdiko txapelketa ere izango dena. Txindoki AT-ko zenbait atleta han izango dira. Lasterketa herrikoiei dagokienean, larunbatean Donostian Libre lasterketa izango da, Orioko lasterketa eta Zizurkilgo gau krosa. Igandean Igeldo, Urgull eta Ulia lotzen dituen Hiru mendiak lasterketa Donostian eta Santamasako krosa Arrasaten.


Irati Zubizarretak eta Natnael Hidalgok podiuma Aranda de Dueron


Parte-hartze ona izan zuten orohar Aranda de Dueroko (Burgos) konstituzio krosean parte hartu zuten Txindoki AT-ko 14 atleta gaztetxoek. Bereziki azpimarratzekoa Natnael Hidalgo kadeteak lorturiko hirugarren postua, 2002an jaiotakoen artean lehena izan


baitzen (2002an jaioak oraindik infantilak dira Euskal Autonomia Erkidegoan). Bikaina izan zen halaber Irati Zubizarretak lorturiko hirugarren postua junior mailan. Infantil nesketan Iraia Mendiak 30. amaitu zuen, kadete nesketan Uxue Arrese 20.a, Naia Lopez 23.a, Maider Altuna 28.a eta Maddi Galparsoro erretiratu egin zen. Jubenil nesketan Lide Urrestarazuk 14. egin zuen. Kadete mutiletan aipaturiko Natnael Hidalgoren podiuma, Jon Zeberio 23., Egoitz Urtega 24., Mikel Samaniego 28. eta Ander Svensson 35. Junior mutiletan Adrian Pajares 22. izan zen eta Beñat Arribas 23.a. Azpimarratzekoa da Txindoki AT izan zela atleta gehien eraman ahal izan zituen talde gipuzkoarra.


Larunbatean Altamira estadioan infantilentzako partaidetza libreko frogak burutu ziren. Nesketan, aipatzekoa Intza Urrestarazuk 1000 m-tan eginiko 3:39ko denbora, Leire Tobarrek 10,75 s 80 metrotan, Irenia Apaolazak 14,07 s 80 metro hesietan, Leire Mendizabalek 4,69 m luzeran eta Uxue Iruretagoienak 8,14 m pisuan. Mutiletan Ander Gabardinok 3:15 1000 m-tan, Beñat Embilek 10,35 s 80 metrotan eta 80 metro hesietan, luzeran eta pisuan Markel Acosta izan zen onena, 14,02 s, 4,43 m eta 9,74 m-ko markekin hurrenez hurren.


Zarauzko lasterketa mistoan, 496 parte-hartzailetan lehenak izan ziren Mitxel Cuadrado eta Izaro Rubio ordiziarrak, azken hau Txindoki AT-ko kidea. Lehia ikusgarria izan zuten Ana Ollo iruñarrak eta Unai Azpiazu ormaiztegiarrak osaturiko bikotearen aurka. Azken hau ere Txindoki AT-ko kidea da eta iaz lasterketa hontan bertan garaile izan zen Izaro Rubioren laguntzaz. 10. izan zen Txindoki AT-ko Lide Urrestarazu eta bere aita Imanolek osaturiko bikotea, 25. Garazi eta Ekain Lorenzo anai-arreba ordiziarrak eta 46. Naiara Soto eta Ibai Elosegi, ordiziarrak hauek ere. Bitxikeria gisa, aipatzekoa da denbora batez lasterketa geldirik egon zela tren pasabide batean, bikote asko elkartzeko aukera emanez eta atseden labur bat hartzeko aukera eskainiz aldi berean.

Sarrera nabarmenenak
Azken sarrerak
Artxibategia
bottom of page