top of page

Denboraldi hasierako krosa Irunen


Igande honetan Irungo Txingudi ikastolaren inguruan denboraldiko lehen krosa izango da kadete mailatik hasi eta helduen mailara arte. Infantik eta alebin mailakoentzat aldiz aldiz bigarren aukera izango da pasa den hilaren 1ean Zarautzen burutu zen Isidro Unzueta krosaren ostean. Txindoki Grupo Jaso AT-ko partaidetza zabala hurbilduko da ohi bezala. Egun berean Atapuercako (Burgos) nazioarteko krosa ospatuko da.


PLP-ak Arrasaten


Larunbat goizean Arrasaten parte-hartze libreko frogak izango dira. Emakume eta gizonezkoen luzera jauzia eta gizonen altuera jauzia egingo dira.


Lasterketa herrikoiak


Lasterketa herrikoiei dagokionean, larunbat honetan Larramendiko krosa egingo da Tolosan, Mutrikuko krosa eta Karakaterako igoera Elgoibarren.


Igandean berriz, Errezilgo kros mixtoa eta Ikaztegietako lasterketa herrikoia.


Behobia - Donostia


Egin zuen eguraldia kontuan hartuta oso ondo ibili ziren orokorrean lasterketa amaitzea lortu zuten Ordiziako ia ehun korrikalariak . Ez zen norbere marka hobetzeko egunik onena izan eta Donostiako helmugara ahalik eta ondoen iristea izan zen garrantzitsuena, markak hobetzea beste baterako utziz. Txindoki AT-ko korrikalarien artean nabarmentzekoak izan ziren beste behin Oiarbide aita-semeak, bigarren urtez jarraian lehen bi ordiziarrak izan baitziren Boulevardeko helmugan. Alex 45. postuan iritsi zen, 1:11:23-ko denborarekin, promesa mailan 3. postuan. Bere aita Imanol 82.a izan zen 1:13:05-eko denbora lortuz, lehen sailaktua 50 urtetik gorakoen mailan (helduak II). Aipatzekoa benetan ia 29 000 parte-hartzaile dituen lasterketa batean aita (53 urte) eta semea (20 urte) lehen 100 sailkatuen artean egotea. Arrakasta itzela dudarik gabe! Izan zuten eguraldi kaskarrak marketan zer nolako eragina izan zuen azaltzeko, ikusi besterik ez dago iaz Alex 82. postuen sartu zela 1:10:06-ko denborarekin eta aurten aldiz bere aita izan dela postu bera egin duena, baina 1:13:05-eko denboran. Txindoki AT-ko hurrengo sailkatuak, klubera iritsi berri den Alvaro Calderon (88. postuan, 1:13:14), Unai Azpiazu (1:27), Pululu (1:28) eta Beñat Arribas (1:36) izan ziren. Lasterkari herrikoien artean aipatzekoak izan ziren Carlos Albero, Jose Manuel Pecharroman (1:23 hauek biek), Unai Arratibel, German Gomez, Juan Mari Galparsoro eta Iñigo Sevilla (1:24 azken lau hauek). Nesken artean lehen ordiziarrak Garazi Lorenzo (1:36), Nagore Etxabe (1:41), Araitz Goikoetxea (1:47), Lurdes Zeberio (1:50), Mari Carmen Olano eta Maria Valdivieso (1:52 azken bi hauek) izan ziren.

Sarrera nabarmenenak
Azken sarrerak
Artxibategia
bottom of page