XV. Josetxo Imaz memoriala

CASTELLANO

Datorren igandean, ohi bezala hileko azken igandean, Josetxo Imaz memoriala izango da, Goierriko lasterketa herrikoietan garrantzitsuena eta jendetsuena. Aurten 15. urteurrena izango du eta 2006 eta 2011an bezala Lazkaon izango da irteera eta helmuga. 2001ean hasi zenetik lasterketa herrikoien udazkeneko egutegiaren irekiera adierazi ohi du, amaiera Behobia – Donostia lasterketa entzutetsuan izango duen prestaketa baten lehen froga askorentzat. Txindoki Grupo Jaso AT-ren antolaketa taldea erlojupean ari da lanean iganderako dena prest egon dadin. Izen ematea kirolprobak.com-en egin daiteke lasterketa aurreko egunera arte edo bestela irteeran lasterketa egunean bertan prezio igoerarekin. Antolakuntzak 600 korrikalari inguru espero ditu, horien artean iazko irabazleak, El Hassan Oubadi marokoarra eta Elena Loyo arabarra, 2005an miss Araba izan zena. Txikienen frogak 10etan hasiko dira hiriko zirkuitu batean eta 11etan izango da lasterketa herrikoiaren irteera. Ordizia aldera zuzenduko dira lehenik, gero Beasaina eta azkenik Lazkaora itzulera, denera 10 km burutuz. Aurtengoan kamiseta teknikoaren basbeslea klubaren baseslea bera izango da, Jaso taldea, aurten bere zilarrezko urteurrena ospatzen ari dena hain zuzen.


Espainiako federazioaren jaurtiketen alorreko kontzentrazioa Leonen


Asteburu honetan Leonen Espainiako jaurtitzaile onenak bilduko dituen kontzentrazioa burutuko da Espainiako atletismo federazioak antolatuta. Bertan izango dira Txindoki AT-ko lau atleta: pisu jaurtiketan, oraindik jubenila den Ane Torres eta hurrengo denboraldian juniorrak izango diren Gari Garmendia eta Joseba Berasain. Mailu jaurtiketan aldiz, iazko jubenilen munduko txapelketan 9. geratu zen Dorleta Armendariz, datorren denboraldian juniorra izango dena hau ere.


Lasterketa herrikoiak


Josetxo Imaz lasterketaz gain beste 14 lasterketa herrikoi daude aurrikusiak asteburu honetan. Larunbatean bularreko minbiziaren aurkako lasterketa solidarioa Azkoitian, Olazagutia – Urbasa mendi lasterketa Nafarroan, Platako itsasargirako igoera Trintxerpen, Jose Merino memoriala Ermuan eta Zarautz – Getaria – Zarautz lasterketa. Igandean Urdaibaiko maratoi erdia Bermeo eta Gernika artean, Gorbeia Suzien mendi lasterketa Zeanurin, Bizkaia zubia herrikoia Areetan, Agurain herri krosa Araban, Urduñako herri krosa Bizkaian, Trapagaraneko trail luzea eta motza, Arabar Errioxako maratoi erdia Samaniegon eta buru osasunaren aldeko 5 miliak Donostian.


Emaitzak


Zaldibian Alexandre Oiarbidek bere lehen garaipena lortu zuen lasterketa herrikoi batean. Bere aita Imanol 10. izan zen, Yaman Riyahi 22. eta Noman Ali Raja 31. Nesketan Maider Unanuek laugarren amaitu zuen. Unanuko Ergoienako Biran, Nafarroan, Gotzon Auzmendi 35.a izan zen.

Sarrera nabarmenenak
Azken sarrerak
Artxibategia
This site was designed with the
.com
website builder. Create your website today.
Start Now